Urte amaieran Karlos I.aren irteerako trafikoa eten egingo da, probak egiteko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Karlos I.ko bidezubia kentzeko konpromisoa adierazi zuten maiatzean. Proiektua konplexua da, eta probak egin beharko dira egoera berrian trafikoaren portaera nolakoa izango den aztertzeko. Proba bat urtearen amaieran Karlos I.ko saihesbideko irteera ixtea izango da. "Emaitza optimoa bada, (saihesbidea) desmuntatu ahal izango da”, adierazi zuen Nora Galparsoro Donostiako Udaleko Hiri-azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak. Saihesbideko sarrera ezabatu ahal izateko beharrezkoa da Marrutxipiko lotura eginda egotea. Halaber, Joseba Altube Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako zuzendariaren arabera, beharrezkoa izango da Martuteneko biribilgunearen gainean zubi bat eraikitzea Urumeako autobidetik datorren trafikoa Zorroagako tunelera biribilgunean sartu gabe iristeko.