Amarako hiri-zabalgunearen proiektua berreskuratzea

1935. urtean Amarako hiri-zabalgunerako egin zen lehiaketa irabazi zuen proiektua Machimbarrenak eta Gaiztarrok diseinatu zutena izan zen. Diseinu horretan gaur egun Pio XII.aren plaza denetik abiatuta hiruhortz formari jarraituz trazatutako kaleak dira Amararen egitura osoaren ezaugarri nagusia, eta horrek kaleak eta trafikoak izar formarekin banatzea ahalbidetzen du.

1944. urtean, ministerioak zenbait doikuntza egin ondoren, hiri-diseinuaren proiektuak gaur egungoen antzeko etxadi-bloke perimetralak hartzen zituen barnean, eta bloke horiek koherentzia mantentzen zuten hiru biribilguneetan oinarritutako hiri-banaketarekin.

Kaleen eta hiribideen zabalerak, etxadi-blokeen luzera eta oinezkoak auzo osoan zehar pasatzea ahalbidetzen duen diseinua auzoari hiri-izaera orekatua eta bizi-kalitate egokia emateko pentsatuta daude. Hiribide bat izateko diseinatutako kale baten erdian goratutako bidezubi baten bidez Karlos I.ko saihesbidea ezustean satzea Donostiako hiriak jasan dituen zentzugabekeria handienetako bat izan da. 1972. urtean hesi hori ezarri zenean Karlos I.aren hiribidea 19. zenbakiraino eraikita zegoen dagoeneko.

Amarako bizilagunek 40 urtean zehar Karlos I.aren hiribidea maileguz utzi diote Donostiari, hiriko mugikortasunari konponbide txarra eman ziezaion. Ondorioz, biztanle-dentsitate handiena duen hiriko auzoa hesi batek banatuta egon da denbora horretan guztian, eta auzoko herritarren bizi-kalitatea kaltetua izan da hainbat belaunalditan zehar.

Nola onar dezake mugikortasun jasangarria eta bizi-kalitatea hobetzeko hain inbertsio handiak egin dituen hiri batek bere gunean bertan horrelako anakronismo bat izatea?

Karlos I.aren hiribidea berreskuratzeko garaia da, Amara betidanik izan behar lukeen bezalako auzoa izan dadin.

Karlos I.aren garaia da!