Txostenaren ondorioek itxaropen handia piztu dute Amarako biztanleen artean. Izan ere, Karlos I.aren “hiribidearen” gainetik hegan pasatzen den autobidea, eta horrek auzoa bitan banatzeak dakartzan ondorioak, 40 urtean jasan ondoren, bizilagunek ikusten baitute arazoa behin betiko eta modu errazean konpontzeko aukera badagoela gaur egun.
Urtetan Karlos
I.ko arazoa konpontzeko ezinbestekoak zirela esan izan diguten azpiegitura
handi guztiak (bigarren ingurabidea, Urumeako autobidea, ospitaleetako
erdisaihesbidea) dagoeneko amaituta dauden eta erabiltzen diren honetan,
txostenak frogatzen du Karlos I.ko bi bidezubiak (sarrerakoa eta irteerakoa)
kentzea guztiz posible dela lan osagarriak egin behar izan gabe eta horrek
hiriko beste alderdi batzuetan ondorio nabarmenik sortu gabe. Txostenak,
ondorio hori alde batera utzita, errepideen esparruko bi hobekuntza gomendatzen
ditu hiriko beste alderdi batzuetan: Martuteneko biribilgunean (GI-40an) eta
Marrutxipiren eta saihesbidearen (GI-20ren) arteko erdiloturan.
Arrazoi
desberdinak direla-eta (prentsari bidalitako txostenari buruzko informazioan
zegoen zenbakizko akats bat barne, Udalak berak onartzen duenez) hiriko beste
alderdietako biztanleek beren ahotsa entzunarazi dute, Karlos I.ko konponbidearen aurkako jarrera erakutsiz. Errota Txiki Auzo Elkartetik
nabarmendu nahi dugu ez dela gure asmoa (eta, logikoki, pentsatzen dugu
erakundeena ere ez dela izango) arazoa beste norabait lekualdatzea. Hain zuzen,
hori da aipatutako txostenak frogatzen duena. Horregatik, dei egiten diegu
Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari txostenaren ondorioak kontuan
hartuz arazoari konponbide ekonomiko eta jasangarria jar diezaioten, gure
hiriaren hiri-kalitatearen mailakoa, Amarako eta Donostiarako ikuspegi global,
moderno eta etorkizunekoaren aldeko apustua eginez.
Lierni Lasa;
Alvaro Tejada; Xabier Barrutieta. Karlos I.ko saihesbidea kentzeko batzordea
(Errota Txiki Auzo Elkartea).